XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bikotea kaialdeko ostatuan


GAU lehenak alargun lez zabaldu ditu
bere erropa arrailduak.
Gauarekin iluna, eta olatu zakarrak
barraren kontra,
eta baforak katean, eta ahalegin alferren
gasoil usaina kaialde guzian,
eta amoranteak hor logela merke horretan
amodiorako elkartuak.


Eman dezagun, hilargiak leihotik argitua
haien gorputzen
biluztasuna elurrorein andana bat baino
ederragoa da.
Haien mogimendua abots sekretu batek
gidatzen du,
untziaren higidura kapitain misteriotsu batek
gobernatuko lukeen bezala


galeraren ondoren, itsasoaren
hondoan...
Baina ez da elurroreinik, ez kapitainik,
ez koltxoia baino hondoagorik.
Ez musikarik, ez kamararik, utz dezagun
amorante sekretuena
konparaziorik eta bla bla blarik gabe
agitzen.